“Aspasia Pnyxen”, Henry Holiday pintore eta ilustratzaile ingeles handiaren lana, 1888
Aspasia Emakumeen Elkartea irabazi-asmorik gabeko kultura-elkartea da, emakumez osatua, baina erabat irekia dago gure lana beren ekarpenekin aberastu eta lagundu nahi duten pertsona guztientzat. Gure ustez, emakumeak bizitzako eremu guztietan garatu behar du bere bizi-ibilbidea gizonekiko baldintza berdinetan, baina gure ikuspegia ez da baztertzailea, ezta isolazionista ere. Aitzitik, denok elkarrekin bizi behar dugu, eta besteak ikasiz eta ezagutuz elkarri ekarpenak egin eta aberastu gaitezke. Gainera, horrela bakarrik gaindituko dugu emakumeok, gure izaera dela eta, sekulan jasan dugun diskriminazioa.
Eta pentsa dezakezuen bezala, gure elkarteak Aspasia Miletokoari zor dio izena, K.a. IV. mendeko Atenasen bizi eta eragin sakona izan zuen intelektual handi bati. Ez dugu hemen bere biografia osoa kontatuko, Wikipedian kontsulta dezakezuenez. Aipatzekoa da Aspasia figura handia izan zela bere garaian, eta, hala ere, ez zuen izan gizon izan balitz bere izaerari eta gaitasunari legokiokeen garrantzia eta ospea. Berari eskaini nahi izan diogu gure elkartea, bai eta ahalegin eta ausardia handiz gizateriaren historian zehar nabarmendu diren emakume guztiei ere, askotan merezitako errekonozimendurik jaso gabe.
Emakumeak sortzaileak eta ausartak gara baldintzatzaile edo oztopo sexistak ez ditugunean. Gure elkartetik emakumearen partaidetzarako espazioak ireki nahi ditugu, tradizionalki zailtasun ugariekin talka egin duten gaitasun horiei balioa emanez eta horiek azaleratzea ahalbidetuz.
Eta gure elkarteak duela urte batzuetatik hona lan egiten duen gune bat, emaitza oso positiboekin, emakumearena da kirol munduan. Urtero, emakume kirolarien, bazkideen eta kirol-arloko adituen topaketa bat antolatzen dugu, eta argitalpen bat argitaratzen dugu (hemen ikus dezakezu 2012koa, euskaraz eta gaztelaniaz, eta 2013koa, euskaraz eta gaztelaniaz), erakunde publiko, klub eta federazioentzako hausnarketa, ideia, planteamendu eta gomendioen dekalogo nagusiekin, kirol-diziplina guztietan emakumeen eta gizonen presentzia berdintzen laguntzeko, eta bi sexuek izaera bera izan dezaten, bai esponsoreen aldetik, bai komunikabideen aldetik, gaur egun ia soilik gizonezkoen modalitateekin bat egiten baitute.
Esandakoa, gurekin kolaboratu nahi baduzu, izan zaitez emakume edo gizon, edozein dela ere zure jatorri etnikoa, erlijiosoa, zure azalaren kolorea edo zure orientazio sexuala, jarri gurekin harremanetan, hemen daukazulako zure espazioa. Ongi etorria zara! Mesedez, bete zure datuekin orri honen beheko aldean “kontaktua” atalean aurki dezakezun formularioa, eta ahalik eta lasterren erantzungo dizugu.
Eskerrik asko lerro hauek irakurtzeagatik eta gure elkarteaz interesatzeagatik.
